Ekaina 7, 2008

Aranguren eta Aretxabaleta.

Egilea: unai | Data: 2008/06/07 13:49

Berriro ere bikoa izan dugu asteon, ez edonolakoa ostera, azkenekoa baino. Xenpelarrek kantatu legez, “Iya guriak egin du”. Emanaldi bakarra geratzen zaigu honezkero baina egongo da nostalgiarako tarte egokiagorik eta errepara diezaiogun asteko bikoari.

Arangurenen izan ginen ostegunean, bertako udalak antolatutako euskara astearen programazioaren barruan. Non dagoen Aranguren? Ai, amigo! Ez zara galdera hori egin duen bakarra, ez gero! Kontua da Aranguren, Iruñearen hegoaldean dagoen udalerri bat dela Mutiloabeiti, Mutiloagoiti, Taxoare, Zolina, Labiano, Gongora, Ilundain, Lakidain eta Aranguren herriek osatzen dutena. Zertara datorren informazio geografiko hau? Bada, gu eta gutarrak oro, galdurik, jitoan erabat ibili ginelako emanaldia eskaini behar genuen herria (Mutiloagoiti) aurkitzeko. Bost bat kilometroko erradio batean lau auto ibili ginen, biribilgunez biribilgune, labirintoaren irteera aurkitu ezinik. Kontu! Ez gu bakarrik, e? Aditzera etorritako bat baino gehiago ere halaxe ibli zen eta gutarren batek etxerakoan ere hango poligono industrialei hamaika buelta eman zizkien.

Kontuak kontu, ordu antzean ekin genion emanaldiari. Gutar gonbidatua luxuzkoa: Gorka Urbizu (Berri Txarrak, Katamalo). Bageneukan gogoa Gorka gure artean izateko eta lortu genuen azkenean. Bihoazkio eskerrak hemendik Gorkari, Berri Txarrak-en bira bete-betean (biharamunean Vila-Realen ziren), azterketetan murgilduta eta guri kuku egitera etorri zen, bide batez, Arangurengo ibarrari itzuli-mitzuli ederra emanez (Gorkak, Igorrek eta Aitorrek Aranguren herrixkako 40 biztanleetako bat banan-banan agurtu zuten arratsalse hartan).

Peru Aranburu bertsolari eta preso politiko lekeitiarrak idatzitako bertsoekin eginiko “Min hau” kantua eskaini zigun Gorkak (laster ikusgai) eta baita beste kantu pare batean inprobisatu ere (bertsolari handia egina dago Gorka!). Besarkada handi-handi bat hemendik Peru Aranbururi eta bere etxekoei ere!

Emanaldi ostean zerriki festa eta berriketalditxoa izan genuen Mutioagaoitiko elkartean. Ba, horixe, hau bukatzera doala eta sentimental jartzen hasita gaudela. Snif.

Aretxabaleta.

Eta barikuz, eguakoitzez, Aretxabaletan. Ze demonio!, esan dezagun: geuk inauguratu genuen herriko Kultur Etxe berria. Goizean politikariak izan ziren baina, kulturaz esaten dena, geuk bete genuen lehenengoz Arkupeko taula (ez dakit harrotzekoa den baina bitxia bada despedidaren bezperetan inaugurazioetan aritzea). Areto txukuna da oso, txikia aukeran (ez guk bete genueleako, e!) baina teknikoki euroz eta tramankuloz itzel jantzia.  Emanaldiz bete dadila orain.

Gutar gonbidatua, taulagineko beste animalia bat: Ines Osinaga (Gose). Gure desorduko deiari erantzun eta han etorri zen Ines, guk, nahi zuena egiteko esan eta gero, Josuren kapritxoa betetzeko prest. Gozada bat, Ines!

Goseren kantu bat, RIPen bertsio zoragarria eta puntu-jartzaile lanak, denetarik egin zuen Inesek Aretxabaletan eta eskertuta gaude, benetan. Sarritan aipatu dugu gure ibilbide honetako gauzarik ederrena Gutar gonbidatuekin topo egitea izan dela eta halaxe izan da: plazer handia!

Holaxen. Bakarra geratzen dela eta ederra izatea nahi genukeela. Durangon elkar ikusiko dugulakoan, eskerrik asko asteburu honetan gurekin izan zaituztegun gutar guztioi.

Gora gu ta gutarrak!

Ekaina 4, 2008

1937ko Gernikan

Egilea: igor | Data: 2008/06/04 13:14

Eñaut Elorrieta Ken 7 taldeko kidea izan genuen Gernikan gutar gonbidatu, joan zen maiatzaren 31n. Garaiko eskusoinua joz eta bere ahots indartsu bezain atseginarekin, Joseba Sarrionaindia iurretarrak idatzitako bonbardaketari buruzko hitzak kantatu zizkigun Eñautek; “Gernikan” abestia, hain zuzen ere.

Ekaina 2, 2008

Hamaika galdera

Egilea: unai | Data: 2008/06/02 10:56

Hona hemen Santutxuko emanaldian Arkaitz Estiballesek Josu eta Aitorrekin batera eskainitako bertso sorta. Su-etena hautsi ostean idatzi eta Argia aldizkarian argitaratutakoak dira hamaika galderaz beteriko sei bertsook.

Ekaina 2, 2008

Santutxu eta Gernika.

Egilea: unai | Data: 2008/06/02 10:15

Santutxun izan ginen barikuan, Begoñako udaltegian. Arratsalde sargori antzekoa Bilbon eta bero itzela bete egin zen (80 bat lagun) aretoan. Bitxia egiten da sarritan, artean kanpoan argi dela, barruan ilunpean aritzea. Emanaldia arratsaldeko zortziretan zen eta barikua izatera orduak kezka sortzen bazigun ere, harrera ona izan genuen Santutxun. Gutar gonbidatu legez, Arkaitz Estiballes: galdakoztarra bera, Santutxuko bertso eskolako kidea eta Atxuriko biztanlea, berak bertsotan adierazi zigun bezala.

Igor eta Unairekin bertsotan aritzeaz gainera, azkeneko suetenaren ostean jarritako bertso sorta eskaini zuen galdakoztarrak Josu eta Aitorren laguntzarekin (laster ikusgai). Aupa Arkaitz!
Gernika.

Lizeo Antzokian genuen zapatuko zita. Ederra da aretoa. Kopuru aldetik ez handiegia, teknikoki ondo prestatua eta garai bateko antzokiek ohi duten xarma mantentzen duenetakoa da Lizeoa. Jendea ere mordoxka bildu zitzaigun (aspaldiko gehien seguruasko, tartean gure maisua Jon Lopategi, Txisplas, Moises Enbeita...) eta giro atsegina izan genuen hasieratik gehiago kanpoan euria bereak eta bi egiten ari zen bitartean.

Gutar gonbidatua, Eñaut Elorrieta busturiarra. Gure eta ikusleen ezusterako, bere parte hartzea, “Gernikan” kantua, soinu-txiki batekin egin zuen. Gerra aurreko soinu txiki horrek ederto girotu zuen Joseba Sarrionandiak bonbaketaren osteko hilen aerrenda eginez idatzitako testua. Eñauten ahotsak bafleak bete zituen eta gure teknikari Big Jalasek esan zigun erdira jaitsi behar izan zuela bolumena (gurekin konparatuta, noski). Dakienak badaki. Eskerrik asko Eñaut!

Gero, Boliña Zaharrera joan ginen afaltzera, denboran ainguratuta dagoela dirudien arren, platerekoa fresko freskoa eta ona ematen duten tokira. Gero, gerokoak. Kanpoan euria ari zuen eta gu barrura. Baita geroago ere.

Maiatza 29, 2008

Despedida: ekainaren 13an, Durangoko Plateruenean

Egilea: igor | Data: 2008/05/29 08:08

“Ez dok hamairu” erantzun ei zion San Martinek deabruari, honek arima eroan ez zekion; malefizioa hausteko ideia horrek berak eman zion izena euskal kantagintza berriari ekin zion talde dagoeneko mitikoari. Patuari ziria sartzeko asmoa da gurea ere, baina zera diogu: “Hamairuan donk!”; ekainaren 13an, hain zuzen ere.

Izan badu 13 zenbakiak halako karga ezkor bat, are ezkorragoa gaur lez asteartea bada, edo datorren ekainekoa lez ostirala denean. Ez gaitu gu horrek atzera botako. Orain dela urte eta erdi ekin genion Bertso berriak eta lagun zaharrak emanaldiari, Korrika Kulturalarekin batera, eta ordurako bagenekien epe baterako proiektua zela gurea. Erabakia genuen eufemismoak inertzia deitzen dion patu mota horrek harrapatu gintzan baino lehenago urkatu egin behar genuela denboraren arbolan, betirako dilindan, eta soka nahikoa luzatu denean halaxe egitea erabaki dugu. Datorren San Antonio egunean, ekainaren 13an, egingo dugu azkenengo saioa Durangoko Plateruenean.

Zenbakiekin jarraituz, hirurogeita laugarren emanaldia izango da azken hori, eta aurrejubilatzeko garaia dela pentsatu dugu: geure gotorlekuetara itzultzeko unea da, erdi libre izateko amets berriak elikatzera garagardotan. Izan ere, behinola amestu genuena bete egin da oraingoan, bete baino gehiago: 64 euskal herri jator, goxo eta putatan izan gara kantuan, tokian tokiko 100dik gora gutar izan ditugu gonbidatu (eta anfitrioi, aldi berean), 10.000 gutar baino gehiago batu ditugu,…

Zenbakiek badute, bai, euren magia. Askoz gehiago oraindik egun argi eta gau ilunetako oroitzapenekin biderkatzen badira. Baina nostalgiak jotako idioten zerrendan zenbaki bat gehiago izan aurretik, gutarrak bildu eta despeditzeko sasoia da.

Hamairuan donk!

Maiatza 28, 2008

Bertso berriak, “taladrinan” jarriak.

Egilea: unai | Data: 2008/05/28 09:21

Beñat Ugartetxea bertsolari mallabiarra izen genuen Gutar gonbidatu iragan maiatzaren 23an Mallabian. Orain pare bat urte fabrikan bizi izandako gora-behera batzuk zirela eta jarri ei zituen bertsook Beñatek, “taladrinan” bertan (orduantxe ikasi genuen berba hori eta taladro txiki bat delakoan gaude).

Kronikan aipatu genuenez, emanaldia Mallabiako frontoian izan zen eta, badakizue, frontoiak beti frontoi. Hauxe da gure “superkamerek” jaso hal izan zuten soinua eta guk konpondu ahal izan duguna. Ea ulertzerik baduzuen Beñaten bertsoek badute eta entzuteko perla bat baino gehiago.

Maiatza 26, 2008

Asteburu bizkaitarra: Mallabia eta Zamudio.

Egilea: unai | Data: 2008/05/26 08:55

Aspaldian ez bezala etxetik gertu ibili gara asteburu honetan, barikuan Mallabian eta zapatuan Zamudion. Mallabiakoa salbuespena izan zen GTGren ibilbidean, izan ere, frontoian egin genuen emanaldia. “Frontoiak ez dira musikarako” aldarrikatu ei zuten BAPekoek aspaldi xisterak eskuan. Bertsotan berriz, sarri-sarri egiten dugu frontoietan eta arazorik barik gehienetan. Bateria bat sartzen baduzu, ostera, ia ia esan liteke ez dagoela modurik. Saiatu ginen jendeari esaten kantxako aulkietan edo bestela eszenatokiaren pare-parean jar zitezen eta, hala egin zutenek, gure berbak garbi samar ulertzeko modua izan ei zuten. Baina euskaldunok (behintzat) dugun ertzerako joera hori dela-eta, bat edo beste durundiarekin geratuko zen berbekin baino gehiago. Pena.

Beñat Ugartetxea bertsolari Mallabiarra izan genuen Gutar gonbidatu legez. Plazagizona da Beñat eta mutil estimatua herrian.  Igor eta Unairekin bapatean sarreratxo bat egin ostean, zortzi bertso jarri kantatu zituen Josu eta Aitorrekin batera, fabrikako kontuez, buzodunen eta trajadenunen arteko gatazkari “Taladrinan” jarritako zortzi bertso (laster ikusgai).

Durundiak durundi, guk gozatu genuen eta entzuterik izan zutenek ere bai, antza. Eskerrik asko denei!

Zapatuan Zamudioko Dorretxean izan ginen gutarrok. Bertara iritsi ginenean Rolls bat geneukan atean, ez ordea gure zain. Ezkontza ekitaldia zuen dorretxean pinguinoz eta morsaz jantzitako bikote batek. Euren oste aldrak utzitako lurrin usainean egin genuen emanaldia areto txikia bete zuen jende abegitsuaren aurrean. Nando eta Iñigo Arrieta, Potatoren haize sekziokoak izan genituen Gutar gonbidatu. Plazerra izan zen Dr.Jeiki&Mr. Jai eta 7 Eskaleren bertsioak izatea haize alde. Mila esker biei!

Bost emanaldi baino ez zaizkigu geratzen Gu ta gutarron abentura zoragarri honi bukaera emateko eta nabari dugu geuk ere. Taldea sendo eta gogotsu dago eta emanaldi bakoitza bete-betean ari gara gozatzen. Badakizue, “Despedidea” ekainaren 13an, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian eta, bien bitartean, Santutxu, Gernika, Aranguren eta Aretxabaletan izango gaituzue gura baduzue.

Maiatza 18, 2008

GTG Etxarri Aranatzen: azken txanpa hasi da.

Egilea: unai | Data: 2008/05/18 12:58

Horixe izan zen gure sentipena Etxarrin: azken txanpa hasi da. Hiru aste ziren elkarrekin ez geundela eta, ze arraio!, batek afalorduan esan zuen legez, elkar faltan hartzen hasiak ginen. Ordutegiari diogun ohiko mirarekin iritsi ginen Etxarrira barikuan. Ez geneukan Gutar gonbidaturik eta ez kaskarrari buelta baztuk eman ez genizkiolako, baina ez da beti erraza eta posible izaten. Hala ere, geure onena ematen saiatu ginen horretarako baldintza egokiak eskaintzen zituen Etxarriko Kultur Etxean. Kanpoko ekarpenik ezean, geuretik eman behar eta horra, Josu Xanpe eta Aitor eurenetik ematen.

Ez dira bertsolari onak (txarrak direla esatera ez gara ausartzen) baina itxurak egiten, gure aje guztiak imitatzen, galanki dakite hirurek.

Entzule kopuru polita eta beroa aurkitu genuen Etxarrin. Hasieratik bero hartu gintuen eta laster alde egin zuten gure beldurrek. Guk geuk, iluminazioa tarteko, ez genuen piperrik ikusten baina sumatu, sumatu genituen han zirela. Bide batez, Aitor Karasatorreti eskerrak emateko baliatu genuen saioa. Ez sareaz eta are gutxiago blogetaz ez genekiela, agertu ginen orain urtebete pasa Etxarrira eta pare bat saio majistraletan berak erakutsi zizkigun bitakora kaiera hau martxan jarri eta mantentzeko jakin beharrekoak, baita gerora eginiko galdera eta laguntza eske guztiei erantzun ere. Mila esker, Aitor, sareko gutar lehena!

Eta argazkian ikusten duzuen moduan, tarrapatan txispun!, amaitu genuen plazer handia eman zigun saioa. Zazpi emanaldi geratzen dira hainbeste bizipen eta momentu eder eman dizkigun abentura honi agur esateko. Ez ditugu alperrik pasatzen utzi gura, ez horixe!

Maiatza 2, 2008

Legazpi Nerea…

Egilea: unai | Data: 2008/05/02 15:21

Legazpiko emanaldian Nerea buru zutela, Elustondotarrak  izan genituen Gutar gonbidatu. Aspaldian herritik kanpo dabilen arren, Legazpiri jarri zizkion bertsook Nereak, kanpotik beste barrutik begira egindakoak direnak. Teruel existitzen dela badakigu (besteak beste bera han ari delako lanean) bada, Legazpi ere izan bada eta, seguruasko, legazpiar bakoitzaren begirada bezain askotarikoa izango da. Honako bideokoa, Nerearen begirada da. Izan ondo!

Apirila 29, 2008

Gaztetxearen historia Pollok kontatuta

Egilea: unai | Data: 2008/04/29 18:53

Gasteizko gaztetxeko emanaldian Gutar gonbidatu legez “Pollo” izan genuen. Kronikan aipatu genizuen moduan, gazte asanbladaren sortzaileetakoa bera, orain hogei urte atea bota zuenetakoa, Gasteizko gizarte zirikatzaile nekaezina eta plazagizon handia da Pollo. Gutako batzuk ez genuen ezagutzen eta harritu egin gintuen zer eta hogeitik gora bertsoko sorta batekin etortzea. Horregatik (barkatuko al digu Pollok!) eta interneten bideoek dituzten mugengatik bertsootako hainbat ez dira ikusgai-entzungai bideo honetan. Hala ere, narrazio bitxi eta korapilatsuan gal ez zaitezten argibideak izango dituzue. Gozatu egun Gaztetxea dagoen etxea eta bere inguruak jatorria non duten jakinez. Biba zu, Pollo!

oharra: irudiaren argitasuna ez da itzela baina merezi du, benetan.