Urtarrila 28th, 2007

Gutarrak

7 ESKALE

1993-1994 buelta izango zen. Basauriko Trintxera kultur elkartearen izenean Josu Egireun izeneko morroi baten deia jaso genuen Josu Zabalak, Igor Elortzak eta Unai Iturriagak. Pobreziaren aurkako jardunaldi batzuk antolatzen ari ziren eta ea bi bertsolariok Josu Zabalarekin batera zeozertxo prestatuko genuen. Josu prest zegoela. Eta Igor eta Unai? Zer esanik ez! Hertzainak zaleak biak, hamaika aldiz erakutsi zuten euren muturra lehen lerroetan eta baita lortu ere, azkenik, Hertzainaken agurreko kontzertuetan bertso zenbait botatzea ere. Josu Zabalak Basauriko proposamenari baiezkoa zergatik eman zion inkognita bat da, oraindik orain.

Edo beharbada ez. Mekoletako musikaria aritua zen 1980ko hamarkada hasieran Xabier Amurizarekin herriz herriko bertso musikatuen emanaldietan. Aurrekari hori kontutan izanik, ulergarriagoa da, beharbada, hamabost bat urte beranduago artean gazte eta ferde ziren bi bertsolariokin zerbait egin gura izana. Kontuak kontu, hirukoa eta Josu Egireun izeneko morroi hura estreinakoz Mekoletan bildu zirenerako, Zabalak bazuen egin gura zuenaren ideia argi samarra: bertsoak musika garaikideko molde ezberdinetan ematea, zela rock, rap, folk, pop…

Eta halaxe sortu zen 6 Eskale. Sei, bai. Sei izan baitziren hastapenetan eta Basaurin 1994ko apirilean, Social Antzokian taularatu zirenak (Ritxar, Txoni, Jabi, Unai, Igor eta Josu). Mekoletako Matxinbarrena estudioan di-da batean grabatutako lehenengo maketa salgai zegoen orduko hartan. Eta lan horiek ez dira hartzen emanaldi bakar baterako, nahiz eta artean erabakia hartzeke zegoen. Basaurira hurbildu ziren askoren galdera ere hura zen: ea ez genuen jarraituko. Banbalinen artetik Josu Egireun izeneko morroi hark irri maltzur batekin erantzuten zuela iruditzen zaigu, oraindik ere, eskaleen ondorengooi.

Uda hartan Aitor biola jotzailea gehitu genuen taldera eta ordutik gehiago izan ginen 7 Eskale. Baxuan eta kontrabaxuan Txubio ari zen ordurako, eta perkusioetan Angelutxo. Udagoienean, denbora eta bitarteko gehiagorekin, bigarren maketa grabatu genuen Matxinbarrena estudioetan; Joseba Olaldek eta Xabin Egañak (beste gutar bi, beti gogoan!) jarri zuten irudia eta diseinua.

Aekrekin sei bat emanaldiko bira adostu genuen eta han hasi ziren eskaleen joan-etorriak. Durangoko liburu eta diskoen azokan standez stand maketa trukatu ondoren, 1995eko neguan diskoa grabatzeko akordioa lortu genuen Gor disketxearekin. Udaberrian kaleratu zen Berrizko Lorentzo Records grabazio etxean atondutako diskoa, 7 Eskale: Bertso berriak pobreziari jarriak, eta eskaleok, Txapelen bulegoko telefonoari esker, jira eta bira jarraitu genuen, harik eta 1996ko udaberrian, Bilboko Kafe Antzokian emanaldi hari agur esan genion arte. Agur hori, ez zen, hala ere, adio bihurtu.

7 Eskaleren bigarren proiektua apenas tarterik gabe hasi zen egosten. Oraingoan ere, Josu Egireunek jarri zigun gaia: drogak. Basaurin berriz ere jardunaldi batzuk egitekoak zirela eta… Esan beharra dago, hala ere: seguru asko, hala izan ez balitz ere, 7 Eskaleren bigarren asmoa gauzatu, gauzatuko zen, gaia drogak edo bestelakoren bat izan. 1996. urte bukaera baino lehenago pausoak ematen hasiak ginen.

Gerora, zenbait gorabehera tarteko, huts egin genion Basauriko zitari eta prestaketa lanak uste eta nahi baino luzeago jo zuten. 1997ko uda-udagoienean Lorentzo Recordsen grabatu zen diskoa, eta oraingoan, diskogintzan hasi berriak ziren Gaztelupeko Hotsakeko lagunak izan genituen bidaide. Behin edo behin galdetu izan diogu geure buruari nola sartu ziren halako proiektuan; ezin baita ahaztu Josuk helburu argi bat zuela musikari zegokionean: disko hartan ez zen gitarrarik izango.

Aitor eta Naiara biola eta biolinetan, Txubio kontrabaxuan, Angelutxo perkusioetan, Josu soinuan eta Igor eta Unai bertso jarrien kantari ginela prestatu zen 7 Eskale: Barrenkaleko Bluesak diskoa. Gure ohorerako, Septeto Santiaguerorekin egin genuen kantu bat eta Karlos Mahomak (beste gutar bat, betiko!) bere eztarri sakona eskaini zigun beste batean. Bingen Mendizabalek zenbait kanturen moldaketak prestatu zituen, Txapinetek saxoa jo zuen, Alex Ruiz de Azuak alboka, Ramonek irudiak egin zizkigun… Zebat gutar!

Berrogei bat emanaldi lotu zituen Beñat Gaztelurrutia funtzio-anitzeko mutilak eta Euskal Herrian atzera eta aurrera ibili ginen urtebetean. Jalasi esker entzun ziren gure ahotsak eta soinu tresnak; istorio hau guztia ia sortzeko zegoela, Josuri hain gaizki kantatzen zuten gaztetxo bi haiek nortzuk ziren galdetu zion Big Jalasi esker.

Eta aurreko emanaldia bezala, oraingoan ere, Barrenkaleko Bluesak Bilboko Kafe Antzokian ahitu ziren, gau eder batean. Eszenatoki bikaina istorio polit bati amaiera azken agurra egiteko. Gero…

Gero, barealdia etorri zen, harik eta behin…