Gu
Unai Iturriaga

Bertsolaria. Bertsoak eta kantua jarri ditu lan honetan. Ibilbide luzeko bertsolaria da dagoeneko: bi bider izan da Bizkaiko txapeldun (1994 eta 1996an), Txapelketa Nagusiko lau finaletan parte hartu du (1993, 1997, 2001 eta 2005ean) eta txapeldunorde da gaur egun; mila saiotik gora egingo zituen Euskal Herrietan. Bi disko kaleratu zituen 7 Eskale taldearekin. Letragile lanetan, PiLT, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta beste hainbat musikarirekin lan egin izan du. Nobela bat idatzi zuen (Berandu da gelditzeko, Susa) eta gidoigintzan ere badihardu, telebistan eta zineman.
Igor Elortza

Bertsolaria. Bertsoak jartzen eta kantari dihardu lan honetan. Urteak dira bertsolari ibilbidea abiatu zuenetik: Bizkaiko lau txapel jantzi ditu (1998, 2000, 2002 eta 2004an) eta Euskal Herriko bi finaletan parte hartu du (2001 eta 2005ean); ehundaka saio egin ditu Euskal Herrietan. 7 Eskale taldearekin bi disko kaleratu zituen. Hainbat musikarirekin jardundakoa da letragile lanetan, besteak beste, PiLT, Gozategi, Mikel Urdangarin eta Garirekin. Haur eta gazte literaturan eta gidoigintzan zenbait lan egindakoa da, eta euskara zuzentzaile lanetan dabil, gaur egun, Durangaldeko Anboto astekarian.
Josu Zabala

Musikaria. Lan honetako doinu guztiak bereak dira, eta, soinu txikia eta akordeoia jotzen ditu. Aspaldi ekin zion musika munduari. Hertzainak talde historikoa sortu zuen 1980ko hamarkadan: sei disko (Hertzainak, Hau dena aldatu nahi nuke, Salda Badago, Amets prefabrikatuak, Zuzenean eta Denboraren orratzak) eta bi maxi-single (Mundu berria daramagu bihotzean eta Une etengabeak) dira urte gogor eta zoragarri haietan lortu zuten arrakastak utzitako ondarea. Hertzainak desegin eta urte batzuk geroago, 7 Eskale taldearekin beste bi disko kaleratu zituen. Aurretik eta ondoren hainbat musikari eta bertsolarirekin lan egin izan du, beste batzuen artean, Xabier Amuriza, Ruper Ordorika eta Mikel Urdangarinekin. Aho bete kanta proiektuaren arduradunetako bat da, partaide den Arteola elkarteko kideekin batera.
Aitor Rubio

Gitarra-jolea. Oso musikari ezberdinekin jo izan du azken urte hauetan, rock arloko proiektu pertsonalagoak beste era bateko lanekin partekatuz. Hiru disko (Ispilue, Heldu artean eta Bar Puerto) eta makina bat emanaldi egin zituen Mikel Urdangarinekin, bost urtean zehar. Azken urte hauetan Euskal Kantarik Onena telebista saioko musikarien artean ikusi ahal izan dugu, eta Consorcio taldearekin ere hainbat bira egin ditu. Mr. Jam eskolako irakasle ere izan zen, eta gaur egun, Drinking Rock taldearekin ere badihardu.
Xanpe

Bateria-jolea. Hamarkada bat baino gehiago darama musika munduan murgildurik. PiLT taldearen sortzaileetariko bat da: bost disko kaleratu dituzte orain arte (PiLT, Denbora, 3, Minus eta Game over). Izaera taldekoekin ere grabatu du diskoa berriki (Denbora kaos). Soinu teknikari ere aritzen da; Anestesia, Kokein eta Kuraiarekin lan egin du, esaterako. Grabazio teknikari ere badabil gaur egun, Koba estudioan, Bilboko Iralan.

