Urtarrila 29th, 2007

Gu ta gutarrak

Gutako bakoitzaren baitan hamaika gutar bizi da: gutar ameslaria, gutar axolagabea, gutar zintzoa, gutar eszeptikoa, gutar parrandazalea, gutar gaiztoa, gutar politikoa, gutar sexuala, sentibera, eroa…

Gutako bakoitza hamaika gutarren artean bizi da: Xalbador, Sarrionaindia, Groucho Marx, Maurizia, Corto Maltese, Joe Strumer, Mafalda, Xabier Lete, Fidel Castro, Marijaia, Bob Marley, Janis Joplin, Elgeta, Mahoma RIP…

Jarri ditzagun kantuan gure gutarrak eta gutar gureak!

2006ko otsaileko goizalde batean abiatu zen abentura berri hau, Unai eta Igor garagardoak edaten ari ginela, kasualitatez. Baziren pare bat urte, plazarik plazako autoko berriketaldi sarritan epel eta tarteka euforiko horietan, berriz ere musikariekin elkartu eta emankizun bat prestatzeko asmoa bidelagun generamala gurekin, atzeko jesarlekuan eserita. Gogoa bagenuen, beraz. Kontua da, horrelakoetan, polborari su emango dion zeozer behar izaten dela, eta goizalde hartan, pospolu bat topatu genuen lurrean: 2006ko Bizkaiko Txapelketara ez aurkezteko erabakia harturik, koartada ona behar genuen. Gehiago itxaron barik, telefono mugikor bat prestaturik kendu eta dei gautiar bat egin genion Josuri.

Handik egun batzuetara, Otxandion elkartu ginen, afaltzeko; kasualitatez, garagardo batzuk ere edan genituen. Tabernariari boligrafoa eskatu eta paperezko eskutrapuetan jaso genuen akta-zirriborro deszifraezin hura, gure ideia nahasien testigu zuzen. Gauza bat argi genuen, behintzat: 7 Eskalerekin egiten genuen antzeko zerbait egin behar genuen; baina zerbait ezberdina, zerbait bertsolariagoa, zerbait soilagoa, zerbait bapatekoagoa, zerbait… Zerbait, kontxo! Zerbait egin behar genuen.

Kontua da zerbait irekia egin gura genuela. Irekia, tokian tokiko eta egunean eguneko izango den ikuskizuna prestatu gura genuelako, batez ere. Baina irekia, baita ere, bertso jarri eta bapatekoei lez, kantuei, bakarrizketari, irakurketei eta denetariko artista gonbidatuen parte-hartzeari ateak zabalduko dizkion zerbait prestatu nahi genuelako: emanaldi bakoitzeko ibilbidea errepikaezina izatea, leku gehienetatik ia aldiro pasatuko garela jakinik ere; gaur buruan dugun ikuskizuna hiru hilabete barru ezberdina izateko erronka jarri genion geure buruari (emanaldi guztiak antzeko samar bestela ere aterako zaizkigulakoan).

Arimak gorputza hartu arteko lanak denbora hartu zigun: Zerk izan behar zuen ikuskizunaren ardatza? 7 Eskalerekin egindako lan biak tematikoak izan ziren: pobreziari buruzkoa lehenengoa eta drogei buruzkoa bigarrena. Antzeztuak ere baziren, neurri handian; mozorroturik eta eszenografiarekin taularatzen ginen. Musikalki, gainera, oso jantziak ziren, instrumentazio handikoak. Oraingoan ikuskizun biluziagoa egin behar genuen: hitzak lehentasuna izan behar zuen eta hitz horiek geureagoak izan behar zuten.

Geure eta gure ingurukoen gorabeherei kantatu behar genien; han eta hemen geure begiz ikusten dugunari buruz. Ez genuen lan tematikoa egin behar; bertso jarriak sortzerako orduan mugatuko ez gintuen kontzeptua behar genuen, eta, bapatekoari ere askatasuna emango ziona, koherentziarik galdu barik. Hori modu sinesgarrian egin behar genuen, gainera, eta horretarako, beharrezko apaingarriak baino ez genizkion jantzi behar bertsoari: bi edo hiru musikari eta taularatze xumea.

Baina zein zen kontzeptua? Egin nahi genuena ez zen kontzertu moduko bat ere: ez genituen bertso musikatu solteak egin nahi, bata bestearen segidan. Emanaldi tematikoa izan gabe ere behar genuen “gai nagusi” bat: guztia josiko zuen haria; ikustezina, beharbada (geuk bakarrik ikusiko genuena). Eta horretan ari ginela gaia “gu eta gure guak” ez ote zen galdetu zuen norbaitek (“yo y mis yoes”), eta bapatean, beste batek erantzuna aurkitu zuen: Gu ta Gutarrak.

Hortik aurrerako lana bertsoak (kasu gehienetan, lehenik) eta doinuak (ondoren) sortzeko lanari ekin genion abuztuan, irailean eta urrian zehar. Beharginik finenak lez, astelehenak aukeratu genituen lan egun, hasi goizetik eta gauera arte; bertsoen tonuari doinua eta hitzari azentua egokitzen, sortak, kantak edo dena delakoak osatu arte; hau guztia, Ritaren pazientziari esker, Mayren zaintzapean eta Huri Barrenako Joni asteburutik sobratutako arrain gozoak janez.

Azaroan Aitor (gutar player) gehitu zitzaigun moldaketei heltzeko, eta urte berriarekin erritmoa bizituz Xanpek (gutarratatan) jarri ditu perkusioak. Prozesu guzti honetan, lagun izan ditugu Alex Ruiz de Azuaren partaidetza (beti gutar) eta Big Jalasen laguntza teknikoa, morala eta inmorala; Asier Arroita photoshoperrarekin egin dugu kartela; Rita Murphyk itzuli ditu bertsoak inglesera eta Leire Mendiburuk eman ditu frantsesez; amaitzeko, Joseba Kamio eta Aitor Karasatorrek moldatu digute gu(tar)eborria.

Eta hemen gara, ez dakigu oso ondo zergatik: banitateagatik, ondoen egiten duguna (edo egiten dakigun bakarra) hauxe delako, lagunekin elkartu eta bizitza ospatzeko agendan egun batzuk apartatu ahal izateko, zeozer ganorazkoa eta baliogarria egin dezakegula benetan sinisten dugulako, bestela aspertu egiten garelako, behar gaituzuelako edo behar zaituztegulako… Hori da garranzitsuena eta gutxien inporta duena!

Gora Gu Ta Gutarrak!